gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2024ko abenduak 25, asteazkena
Clarice Lispector
GIPUZKOAKULTURA.NET > IRAKURKETA GIDAK > CLARICE LISPECTOR
CLARICE LISPECTORREN AURKEZPENA

Clarice Lispector
(Tchetchelnik, Ucrania 1920- Río de Janeiro, Brasil 1977)

Arima idatzita

Nire arimak argiaren pisua dauka. Soinuaren pisua dauka. Inoiz esan gabeko hitzaren pisua, esateko zorian -apika- dagoen hitzaren pisua. Oroipenaren pisua dauka. Oroimin baten pisua dauka. Begirada baten pisua dauka. Baina ausentzia bat bezala. Eta egin ez den negar malkoa bezala. Besteen arteko bakardade baten pisu materiagabea dauka.

Horra hor Clarice Lispectorren hitzak. Eta baliagarri dira -nahiz ezer ez den aski- beraren idazkera modu trinkoan irudikatzeko. Arima du berak idazkera. Arimadun idazkera. Arimatik datorkiona. Halaxe da, berak esan bezala:

Besteen arteko bakardadea. Idazkera bakana bere espazio eta denborako literatur testuinguruan. "Inork ez du berak bezala idazten. Berak ez du inork bezala idazten"

Eta pisua, argiaren funts adierazgarria. Idazkera gardena. Esanahizko geruza ezberdinak argitzen dituena. Berezitik orokorrera. Uki daitekeenik abastraktura. Naturaletik sakratura.

Eta soinua. Idazkera harmonikoa, erritmikoki desordenatua. Linealtasunaren erronka. Estiloaren dardara, estiloa bilbe gisa hartuta.

Eta begirada. Lispectorren hitzak lupak bezalkoak dira. Gauzarik txikienen -ñimiñoen- zentzua handitzen dutenak: tantoarena, arrautzarena, zelula bakar batena. Hitz trinkoak. Baoiktza funtsezko laburpen bana.

Eta ausentzia. Narrazioaren haria dena. Eta proposamen formala. Beraz, aldi berean bakardadea eta isltasuna dena. "Isiltasun gehiago dakit hitzak baino". Edota "nigan fondoa eta forma gauza bat bakarra dira".

Eta batez ere "inoiz esan gabeko hitzaren" bilaketa. Estreinako, eta, hala ere, azkeneko hizkera batena, behin betikoarena. Biribiltasun bat, jaiotza eta traszendentzia lotzen dituena, zelula eta arima.

Clarice Lispectorren hizkerak literatur lengoaia mugi(tu/arazi) zuen. Lubizi baten antzera. Lurrikara baten antzera. Bultza egin zion, eta azken marratik pixka bat hurbilago ezarri zuen. Esanezinaren azken baketik hurbilago, bizitzren itzulezinetik hurbilago.

Luisa Etxenike


Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2007 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net